miércoles, junio 08, 2005

Bolivia bidegurutzearen aurrean

Bihar Boliviako Legebiltzarrak erabaki behar izango du Carlos Mesa Presidentearen boterea uzteko erabakia onartzen duen. Onartu ezkero, Boliviak bere 180 urteko historian izan duen 64. Presidentea izendatu behar izando du Legebiltzarrak. Ez dago batere garbi, ordea, Presidente aldaketak krisialdi sakon honi bukaera emango dionik. Lider polítiko eta sozial askok jadanik diote Presidentearen erabakia ez duela lagunduko, eta agian, oztopo izango dela Boliviak behar dituen erreforma sakonak aurrera eramateko.

Adela Castillo andereñoa, Potosí Departamentuko errepide mozketetan parte hartzen ari da. Bere iritziz, Presidentearen botere uztea “antzerki hutsa da, benetako arazoei aurre ez egiteko komedia”. Bere ustez “Mesa presidentea diskurtsotan aritu da, eta hitzekin arazoak ez dira konpontzen”. Halaere, Adelak onartzen du Presidentearen uko egiteak gauzak konplikatzen dituela.

Potosiko enparantza nagusian egunean zehar kontzentratu diren manifestari gehienek antzeko iritsia dute. Bertan David, Carla eta Shirley ikasleak aurkitu ditut. Zergatik ari diren manifestatzen galdetu diet. “Boliviako hidrokarburoak nazionalizatu daitezen eta Batzar Konstituziogile bat osatu dadin, konstituzio berri bat idazteko”, izan da beren erantzuna. Daviden arabera gaur egun multinazional amerikarrek petroleoa eta gasa iturrian hartu eta atzerrira eramaten dute, Boliviarentzako ia etekinik utzi gabe. Horregatik nazionalizazioaren alde dago, multinazionalek zerga gehiago ordaindu ditzaten.

Ikasle eta irakasleez gain, indigenak ere bere manifestaldia egin dute Potosin. Santiago Estrada Quispe CONAQ taldearen buruetako bat da (Curaca, quechua hizkuntzan). Berak argi dauka gaur eguneko krisialdi hau aspalditik datorrela, gutxienez 1996 urtetik. “2002 eta 2003 urteetan protestak baketsuak egin genituen, eta aurtengo otsailean La Paz-era joan ginen martxa baketsu haundi batetan”, dio, “baina gure eskariei kasurik ez zien egin Presidenteak”. Quisperen esanez, “krisialdi honen irtenbide bakarra Batzar Konstituziogile baterako deialdia egitea da, errekurtso naturalean gaineko legeak erreformatzeko eta herri originalen partehartzea bermatzeko”.

Aurreko iritziak zeharo kontrastatzen dute Santa Cruz edo Tarija Departamenduetatik, Boliviako ekialdean, datozen oihartzunekin. Bertan autonomia gehiago lortzeko erreferenduma dute helburu sektore batzuek.

Hauteskundeen data, Batzar Konstituzioegilearen sorrera, hidrokarburuen nazionalizazioa eta autonomiazko erreferendumaren deialdia dira azalean dauden eztabaida gai nagusiak. Ordea, gai guzti hoien atzetik zatiketa faktore nagusiago batzu bereiztu daitezke, estrukturalagoak.

Faktore hoietako bat demokraziaren funtzionamenduari dagokio. Demokrazia ordezkatzailea nolabait hustu egin dela dirudi, krisialdian sartu. Gizarte mugimenduek (nekazari, sindikatu, ikasle, etabar) demokrazia zuzena eskatzen ari dira, aspertuak daude gobernu ezberdinek egindako promesak behin eta berriz haustea. Horregatik, 2003 urteko krisialdian ezbezala, Presidente aldaketa nahikoa ez dela diote, eta hori dela eta kaleko protesta, errepide mozketa eta manifestaldiekiak jarraitu eta areagotzen ari dira Bolivian zehar.

Aurreko faktore honekin zerikusia du ere quechua eta aymara herri originalen partaidetza txikia Boliviako administrazioan eta bizitza aukeretan. Nahiz eta populazio osoaren %56-a indigena izan (Banku Mundialeren datuak), sistema politikoan marginatuak daude herrialde indigenak. Hiru botereetako karguetan duten ordezkaritza txikia da. Bestalde, pobrezia eta aukera falta haundiena (lana, hezkuntza, osasen zerbitzuak, etabar) populazio indigenak sufritzen du. Ez da harritzekoa, beraz, kalean ari den jende gehiena indigena izatea: nekazariak, meatzariak, bestelako langileak eta langabetuak.

Krisialdiaren hirugarren faktore estruktural bat da ekonomiaren ezintasuna enplegua eta aberastasuna sortzeko boliviarren gehiengo batentzat. Azken 20 urteetan Boliviak jarraitu duen eredu ekonomiko neoliberalak ez dio erantzuna eman populazioaren gehiengoari, baina talde berezi batzu asko aberastu dira. Talde berezi hauek errekurtso naturalen esplotazioarekin daude lotuak (petroleoa, gas naturala, meagintza, egurra, nekazaritza komertziala, eta ura), eta nazionalak zein atzerritarrak dira. Errekurtso naturalen nazionaliozio deiaren aurrean, sektore hauek autonomiaren eskaera planteatu dute Boliviako ekialdean, errekurtso natural gehienen gunea. Eredu (eta pribilegio) ekonomikoen inguruko eztabaida krisialdi honen erdian dago dudarik gabe.

Aurreko faktore guzti hauei aurre egiteko kontsentsu minimo bat behar da Bolivian, baina zoritxarrez kontsentsu hori hurruti dagoela dirudi. Gizartezko talde ezberdinak eta partidu politikoak beren trintxeretan jarraitzen dute. Presidenteak trintxera horretatik ateratzeko keinua izan du Presidentzia utziz. Datozen egunetan beste keinu asko eman behar izango dira, alde guztietatik, gizartearen tentsio maila murriztu eta krisialdiari irtenbide bat aurkitzeko.


Potosi, Bolivia
2005ko Ekainak 7
Mikel Insausti Muguruza

No hay comentarios: